XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begira geratu zaizkio eta euren begietako suteetan irakurri du atea ixteko, hotz dagoela.

Atea itxi eta kanpoan izan da.

Diskoak, fardelaren itxuran igarri du, haztatuz.

Geltokirako bidean botikadenda madarikatua begiztatu eta begiak leihotik aldendu guran igaro da, gizagorputzaren barrualdeak erakusten dituen manikia ez ikustearren.

Eta Adela?, zizt egin dio bihotzak.

Anita gogora ekarten ahalegindu da.

Sendabidea okerragoa izan da gaitza bera baino, zeren gutunetan aipatu izan dizkion landareak, edabeak, ukenduak eta beste hainbat botikakeria etorri zaio burura.

Gizonezkoen ezintasun hori, eta berau izan da Urigoienak agindua bete diola igartarazi dion lorratz bakarra, berak duena, ez dela betirakoa izaten, Tiarenean izan dela eta ikaragarri egongo dela ortua harek eman dizkion landareak hazita dagozenean, udazkenalderantz, eta nahiz eta zu hona ailegatzean lore barik egon, ontzietan gorde dituela udakoak, letra ederrean idazten izan dio beti Anitak.

Kapitainaren alaba bera be! Atxuriko La Guerniquesan geratu da, arnasa hartu eta trenen ordutegia zehatzago jakinez gero estomangura zeozer ekarri beharko duelakoan.

Bedar edabeak irentsi beharko dituela susmatze hutsak gomitolarri antzekoa eragin dio.

Bermuta, piloto automatikoak eskatu dio.

Beste Onofre batek trenen orduen gainean galdetu du, behingoan.

Astia dekozu erantzun dio baserritar itxurako tabernariak.

Eta ahora eroatean bermuta berau ere bedarrez egiten dela eta, ozta irentsi du basoari ipurdia agerira ekarri barik, atzamar baten hondalearekin uzteraino.

Trenean damutu egin zaio dena ez edana.

Loak hartzeko tindi bat baino ez du falta izan.